Sobietar Batasuneko historia (1953-1985)

Sobietar Batasunaren eragin eremuaren hedapenik handiena, Kubako Iraultzaren ostean (1959) eta Txinaren eta Sobietar Batasunaren arteko haustura baino lehen (1961).

1953-1985 bitarteko Sobietar Batasuneko historiak bi agintaldi nagusi hartzen ditu, Nikita Khrustxevena eta Leonid Brezhnevena, eta beste bi labur, Juri Andropovena eta Konstantin Txernenkorena.

Khrustxeven agintaldia Stalinen aroaren amaiera gisa hartzen da hainbat alderdiri dagokionez: masen izua desagertu zen, esaterako, nahiz eta indarrean iraun zuten Stalinek asmaturiko formula politiko eta ekonomikoek. Baina Khrustxeven agintaldia erreforma garaia ere izan zen, eta berrikuntza haiekin larridura sortu zitzaion burokrazia agintariari. Berrikuntza batzuk ez ziren uste bezain ongi atera, baina ekonomian zabalkunde aldia bizi zenez, oparotasunak ezkutatu zuen porrota.

Zabalkunde garaia Brezhneven agintaldian amaitu zen. Hark antzinako erakundeak eta formulak berreskuratu zituen; ez zen izan, askotan esan den bezala, estalinismorako itzulera, baina garrantzi handia izan zuten garai hartako joerek, eta erakundeak eta agintea zaharkituta gelditu ziren. Garai hartan Sobiet Batasuna nazioarteko potentzia handi izatetik ateratzen zituen etekinetatik bizi zen, nolabait esateko, baina bistakoa zen sobietar sistema usteltzen ari zela eta usteltze horrek krisi larria ekarriko zuela.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search